Albistea:
http://erran.eus/bortziriak/1476426020320
Euskadi Literatura Saria irabazi du Fernando Mikelarena beratarrak
Ttipi-Ttapa.Xorroxin
2016-10-14 08:16
Kultura
Bortziriak
Bera
Gaztelerazko saiakera saria irabazi du, 'Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936’ liburuarekin
Euskadiko Literatura Saria entzutetsuak jakinarazi ditu Eusko
Jaurlaritzak eta horietako bat, Fernando Mikelarena Peña historialari
beratarrak lortu du. Hain zuzen ere, gaztelerazko saiakera saria irabazi
du, Pamiela argitaletxeak argitara eman duen Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 liburuarekin.
Epaimahaiaren ustez, «ikerketa sakon batetik abiatuta, gizartearen
sentsibilitatea hunkitzen duen gai baten inguruko hausnarketarako
gonbidapena egiten baitu saiakerak». Modu berean, «lan honek memoria
historikoa berreskuratzeari balioa ematen diola» onartzen dute,
«isildutako iraganari sarbidea emanez».
Mikelarenarekin batera, gaztelerazko literatur lanen ilustrazio atalean Mikel Casal donostiarra saritu dute,
Así es la dictadura lanarengatik.
Euskarazko saiakerako saria Mitxelko Urangari eman diote, Tartaroa.
Mina, boterea eta egia (Pamiela) lanagatik eta Uxue Alberdik jaso du
haur eta gazte literaturakoa,
Besarkada lanagatik (Elkar).
Sarien garrantzia azpimarratu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako
Kultura, Hezkuntza eta Gaztedia sailburu ordeak, eta sariak epaimahai
profesionalek ematen dituztela nabarmendu du. Datorren astean aurkeztuko
dituzte gainontzeko sariak, eta azaroaren 17an egingo sari banaketa
Donostiako San Telmo museoan.