Labiaga ikastolak EUSKARAZ BIZITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE!
Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde ekitaldia eginen dute larunbatean Iruñean
Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko jaialdia eginen dute
Iruñeko Anaitasuna pabilioian larunbat honetan. Kontseiluak antolatutako
jaialdi honen bidez, aldarrikatuko dute euskarak Nafarroan aurrera
egingo badu “beste hizkuntza politika batekin” izanen dela.
“Hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du hortaz,
euskarak. Axaleko aldaketa baino, egiturazko aldaketa behar da egoera
iraultzeko aukera emango diguna”, adierazi du Maite Inda Kontseiluko
kideak.
Ekitaldia herritarrei “eskerrak emateko” baliatu nahi dute: “Etengabe
lanean, eraikitzen, ikasten, irakasten... zailtasunez beteriko
testuinguruan irtenbideak bilatzen jakin dute herritarrek eta
etorkizunean ere, haiena izango da protagonismoa”.
Kontseiluak antolatutako ekitaldia bada ere, gero eta atxikimendu eta
babes handiagoa jasotzen ari da. Sindikatu ugarik euskaraz bizitzeko
lan eremuak euskalduntzeko beharra azpimarratu dute. Era berean, Iruñeko
hainbat eragile sozialek salatu dute Nafarroako Gobernuak euskararen
kontra egiten duena "onartezina" dela: “Euskaraz bizi nahi dugun
herritarrok ez dugu horretarako aukerarik nahi dugun guztietan”. Hori
dela eta, apirilaren 25ean Anaiatasunan herritarrak bertaratzeko deia
egin dute: “Aldaketa gu guztion bultzadaz etorriko baita”.
Egitarau oparoa prestatu dute larunbaterako. 10:00etan Ezkaba mendian
lasterketa “ez lehiakorra” eginen dute. Gero, 14:00etan, bertso
bazkaria Julio Soto, Alaia Martin eta Fredi Paiarekin. Bukatzeko,
18:30ean hasiko da ekitaldi nagusia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina